XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ANA - Ama, ez hitzazu gogoratu, arren, gertakizun negargarri hoiek.

ANDRE MARI - Gehiegi gogoratzea ongarri ez bada ere, burua zora eta nahas ez dakigun, noizik behin ausnartzea mesedegarri zaigun naiz Iatsutarrak, naiz Azpilikuetarrak nor izan garen orain hamar urte arte eta orain nor garen ohar gaitezen. Horrela, garaia denean, gure aurrekoen lotsarik gabe jokatzen jakingo diñagu. Zuen aita, Joanes nirea, erbestean hil huen, Ihoan eta Katalina gure Errege-Erregiñei jarraituz eta zerbitzatuz. Zuek, ene seme-alabok ere, ideia hortan bizi eta hiltzea beste nahirik ez diñat.

ANA - Ez izan horren beldur, ama. Iatsutarren odolak diraki gure zaiñetan, eta bera bezala nafar garbiak eta agramuntes leihalak izanaz hilko gara.

ANDRE MARI - Pozten nauzu, Anatxo, hitz hoiek entzutean... (Hats hartuz eta elea aldatuz). Antxiko eskolatik etorri ahal dun?

ANA - Ez dut ikusi, ama, baiña heldu ez bada berehala hemen da.

ANDRE MARI - Sinistuko ahal didan, Ana? Ezin etsi diñat gure Antxiko gabe. Bera diñat ene bihotz naigabetuaren alaitasunik haundiena.